MUGAZ GAINDIKO KULTURA
EKOIZPEN ETA SORMEN LANTEGIA
MUGAZ GAINDIKO KULTURA
EKOIZPEN ETA SORMEN LANTEGIA

NEREA LEKUONA

¡PRESENTE!
Abiapuntua Arabako Artxibo Historiko Probintzialean egindako ikerketa izan da eta jarraian bildutako informazioarekin artelan ezberdinak sortzea. Artxibo honetan trantsizio politikoaren aroaren inguruko (1973-1982) dokumentu-sorta dago, Arabako Gobernu Azpiordezkaritzak gordailututa. Funts bat nabarmentzen da, zera biltzen duena, batetik Gobernadore Zibilak hainbat agintarirekin izandako posta-trukea, eta bestetik, ordena publikoko indarrek atzemandako afitxak, liburuxkak eta paskinak. Material hau Guardia Zibilak kaletik bertatik konfiskatu eta gordetzen zuen gerora egileak jazartzeko helburuarekin. Gertaera honek islatzen du garai aztoratuak bizi zirela, aldarrikapen sozial eta politiko ugarirekin, azkenean frankismoaren amaiera eta askatasun demokratikoen berreskuratzea ekarri zituztenak. Egun haietan makina bat afitxa, eranskailu, liburuxka eta paskin sortu ziren hainbat borroka sozialen inguruan feminismoa, ekologia eta lan-eskubideak kasu.

Botere erakunde zentralizatzaile eta gobernu zentralaren ordezkari gisa, Gobernu Zibilak gizartearen inguruko ahal bezainbeste informazio biltzeaz arduratzen ziren, lurralde bakoitzean. Eginkizun honek sekulako garrantzia zuen frankista bezalako erregimen diktatorial batentzat, alor guztietan erabateko zaintza eta kontrola bermatzeko xedearekin. Propaganda politikoa izan zen erregimen frankistaren aurka oposizioak klandestinitatean burutu zuen gauzarik ohikoena. Militanteek lan hau zailtasun handiekin, tresna eskasekin eta arrisku nabarmenekin gauzatu arren, ezinegona eta kritika zabaltzea lortu zuten, erakunde frankisten haserrea piztuz. Propaganda politiko izaerako aldarrikapen hauen inguruan agertu ziren sigla amaigabeek pluraltasun ideologikoa agerian uzten dute. Aniztasun handia izanik ere, alderdi guztiek diktadurarekin amaitzeko helburu berarekin elkar hartu zuten.

Oposizio haren gunerik nabarmenetarikoa Euskal Herria izan zen, langile borroka eta abertzaletasuna inguruan zebiltzan alderdi politiko, sindikatu eta gizarte mugimenduen aniztasuna “letra-zopa” hartan islatzen zen, sigla politikoen ugaritzearen metafora argia. Oposizioaren lan hau, gizarte gehiengoak bultzatu ez bazuen ere, onuragarria izan zen oso sistema demokratikora itzultzeko.

Proiektu hau funts dokumentala aztertzean datza, dokumentu erakargarrienak eta interesgarrienak hautatze aldera. Kartelez, liburuxkez, paskinez eta pegatinez osatutako lagin hau berrikusi da, diziplina ugari (lettering, marrazkia, serigrafia, margoa) eta euskarri ezberdinak erabilita, azken hauei bigarren bizitza emanez.

Materialak berrerabiltzea eta eragin apalena sortzea aintzat hartu dira proiektuaren esparruan materialak hautatzerako orduan. Horregatik, bereziki mapa eta atlas deseguneratuak landu ditut, hauen gainean mezu ezberdinak islatzeko asmoarekin.

nerealekuona.com

Galeria

Slide 1 of 8