RAKEL GÓMEZ VÁZQUEZ
Piedra rima con hiedra, mármol rima con árbol
Piedra rima con hiedra, mármol rima con árbol saiakera bisualean palmondoaren galera islatzen da, pikudo gorriaren zabaltzearen ondorioz. Indianoen ikur kolonialtzat hartzen da palmondoa, gure paisaian garaiko historiaren adierazgarri nabaria. Kontzeptualizazioa garatzean Agur Jauna euskal ereserkia izango da muina, bere dimentsio zabalean, zehazki alor musikal, testual eta sinbolikoan. Izan ere, Euskal Herriko pieza esanguratsu hori gure kulturan balio sinboliko handikoa da. Monumentu eta izurrite biologikoei buruzko praktika artistikotik abiatutako ikerketak agerian utzi du irakurketa dekolonialek landareen gaineko zeregin estraktibista eta koloniala betetzen jarraitzen dutela. Palmondoek betidanik bidaiatu badute ere, badakigu gure eraginak bizkortu egin duela haien sakabanaketa, eta orain haien gaixotasuna ere bai. Hala ere, egun kontserbazioa eta zaintza bertako floraz bakarrik arduratzen da. Horregatik, ereserkiak landare exotiko horien gainean dituen ahalmen disruptibo eta sinbolikoak erabiliko dira instalazio bat ekoizteko.
/
Rakel Gómez Vázquez artista eta ikertzailea da, Arte Ederretan lizentziaduna eta EHUn INCREARTEko masterra duena. Florentziako Accademia di Belli Arti eta Buenos Airesko Di Tella Unibertsitatean osatu du bere formakuntza; gaur egun doktorego tesia idazten ari da. Armar arte-ikerketarako kolektiboaren bazkide sortzailea da; TXT Lab-eko eta AKMEKA (Artea, Kultura eta Media) ikerketa-taldeko kide da, eta laSIA kolaboratzailea ere bada. Artista gisa egindako ibilbidean, sorkuntzarako hainbat beka eta sari jaso ditu.
Bere ekoizpenak sorkuntza ikerketa bezala ulertzen du eta hedatutako dokumentazio bezala artikulatzen da. Paisaia eraikuntza kultural gisa aztertzen du, zeinak memoriaren eta nortasunaren problematika politiko-sozialak irudikatzen baititu, jatorriaren eta nortasunaren eraikuntza bisual eta sinbolikoan eragin koloniala ikertuz, eta paisaian duen indarra eta proiekzioa aztertuz. Artxiboak, liburutegiak eta museoak arakatzeaz gain, landa-lanari eta lan praktikoan erabilitako tresnei heltzen die, marrazketaren, grabatuaren, instalazioaren, argazkiaren eta teknika analogiko fotosentikorren bidez (zianotipia, adibidez).