
DENOK GUTXI
Ane Azkona
Saiakera honek ezintasun teknikoa mekanismo-artistiko eta performancearen demokratizazio gisa hartzen ditu, bertakoa eta arrotza uztartuz. Nolabait glokalaren ideia arakatzen du proiektuak, indarkeria aitzakia hartuta eta bertako eta arrotzaren arteko irudi-talka ariketa xume batetik abiatuta.
Kalean aurkitutako objektuekin artefaktu eramangarri bat eraiki ondoren, bideoperformance-ekintza izaera hartuko du instalakuntzak, slackline teknika baliatuz. Instalakuntza hori objektu erlazionala da, emaile eta hartzaile anitzen negozioazio-gune geometrikoa, non espazioarekin harremanean dauden elementuek elkarrekiko mendekotasunez jokatzen duten. Bertan aurkezteko formak agerraraziko dira, aldarrikapen-tresna ohikoenetako batzuen elementuen galdezka, berezko ikurrak, keinuak eta esaldiak irakurri ahal izateko. Horretarako, kultura herrikoiaren eta pop-kulturaren iruditeria kolektiboaz baliatuko da, artxibo pertsonalarekin batera. Finean, hurbilketa sozial honek harreman berriak proposatu nahi ditu testuinguruan kokatu eta bera berridazteko.
/
Ane Azkonak (Donostia, 1997) EHUn burutu zuen Arte Ederretako gradua eta Atenaseko Arte Eskolan osatu. Bilbo eta Atenas hiriek ikasleku izanik, euren arte-sistemaren eta akademiaren egoerak eragina izan du bere lan artistiko eta sorkuntza-estrategian. Zehatzago, bere jardunak alderdi erlazionalak, materialak eta espazialak ditu abiapuntu, iruditeria kolektiboan eta pop-kulturan esanguratsuak diren elementuen arteko topaketa kontzeptualak behartzeko. Egun, eremu eta memoria publiko eta pribatuen arteko muga aztertzen dihardu, tradizioz aldarrikapenerako erabili izan diren dispositiboen bitartez arte-lurralderako espazio produktiboa sortu nahian.
KOMUNITATEAREN PARTE-HARTZAILEAK

