
2024
gaztainak erretzeko tresna
HAU Euskal Herriko objektu tradizionalaren diseinu lehiaketak euskal kulturako objektu tradizional bat gaurkotzea du xede. Batetik, deialdiak gure tradizioan ikerketa sustatzen du, usadioak eta ohiturak ezagutu eta berreskuratzeko; bestetik, objektu tradizionalak egokitu, berritu eta berrinterpretatzea bultzatzen du, diseinu garaikidearen begiradatik. Horrela, gure historiarekin lotura berriak sortzen dira, baita diseinu alorrean ikerketa-ildoak urratu eta ekintza-eremuak zabaldu ere.
HAU lehiaketak gure esperientzia etnografikoaren aztarnak berreskuratzen ditu, diseinuaren jardunaren bitartez, tradizioaren eta garaikidetasunaren arteko loturak sendotze aldera. Artisau diseinuaren errespetua eta aitorpena gaur egungo industria-diseinuak duen esperimentaziorako gaitasuna eta ahalmena uztartzen ditu.
Deialdi honetan, berraztertzeko proposatu den objektua gaztain burruntzia da.
Aurten, epaimahaia diseinu eta euskal etnografia alorretako aditu hauek osatu dute: Fermín Leizaola Calvo (Aranzadi Zientzia Elkarteko Etnografia Saileko zuzendaria), Elisabeth Urrutia Bea (Industri-diseinatzailea), Xabier Llordes (EIDE Euskadiko eta Nafarroako diseinatzaile industrialak, grafikoak eta espazioetakoak biltzen dituen elkarte profesionalaren arduraduna), Jon Lamborena (IBILI Menaje enpresako diseinuaren arduraduna), Nagore Lauroba Izaguirre (Industria diseinuko graduaren koordinatzailea, Mondragon Unibertsitatea-Goi Eskola Politeknikoa), Helga Massetani Piemonte (Bitamine zuzendaria) eta Agurtzane Garai Ibarluzea (San Telmo Museoko bitartekaritza arduraduna).
Epaimahaiak aurkeztutako proiektuak balioetsi ditu, guztiak oso maila onekoak baitira. Halaber, parte-hartzaile guztien lana nabarmendu du, proposatutako objektua ikertu eta eguneratzeko egin duten ekarpen baliotsua aintzat hartuta.
Epaimahaiak ebatzi du Marta Loidi Urquizuk aurkeztutako DINAK proiektuari saria ematea.
Era berean, epaimahaiak honako proiektu hauek aukeratu ditu saritutako lanarekin batera erakusteko. Aipamen berezia: ZESTA (Sergio Pena Tirado). Hautatutako proiektuak: AÏNA (Iker Leizaola), DAMAKI (Maialen Bertiz eta Marina Ibáñez), TRIKU (Aroa Ochoa, Mónica González eta Olatz Jausoro), REFRAKTARIO (Pedro Galdón), SUTAN (Alicia Comesaña eta Paula Arrilucea) eta LAKOTS (Luzaide Lizarralde, Uxue Sánchez eta Maria Urquiza).
Argazkiak: Iker Azurmendi.
KOMUNITATEAREN PARTE-HARTZAILEAK






