
2021
LUR AZPIKO FORMAKUNTZA
Autogestionatutako proiektuetara egokitutako formakuntza bat
Bitamine Faktorian bertatik bertara ezagutzen ditugu gaur egungo kultura esparruko testuinguru eta agertoki desberdinak; izan ere, egunero egiten diegu aurre proiektu independente bat kudeatzeak dakartzan oztopo eta zailtasunei, kultura bezalako sektore prekarizatu batean. Aspaldidanik, sektoreko hainbat eragilek eta profesionalek jarduera mota horren know how-a ezagutzeko interesa dutela ikusi dugu. Beraz, horrelako prestakuntza eskaintzea aukera bat da ezagutzak partekatu, antzeko kezkak dituzten pertsonen arteko harremanak sortu eta ekosistema bera indartzen laguntzeko.
HELBURUAK
Alde batetik, ohiko formakuntzei prestakuntza osagarria eskaintzea, enpresa kulturalaren ohiko ereduan sartzen ez diren proiektu autogestionatuetara bideratuta, hau da, beste errealitate, erronka eta zailtasun batzuei aurre egin behar dieten egitasmoetara.
Bestetik, kudeaketa-, komunikazio- eta diseinu-tresnak eskaintzea, proiektuak aberasteko eta beste kultura- eta arte-egitura batzuen hazkunde-aukerak areagotzeko, bai eta kultura- eta sormen-arloan interesa duten pertsonen prestakuntza bultzatzeko ere.
Programa osoak hiru atal osagarri ditu:
//// KULTURA-KUDEAKETA
Bitamine Faktoria proiektu independentea da, eta, halabeharrez, hazten eta kultura-errealitate eta politika desberdinetara egokitzen joan da. Atal honek gai hauek biltzen ditu: proiektu independenteen sorrera eta kudeaketa, jarduera mota horri egokitutako finantzaketa- eta administrazio-moduak, ereduak, profilak eta estrategiak, ebaluazioa, lankidetza eta sareak.
//// DISEINUA ETA IRUDIA PROIEKTU KULTURALETAN
Laburrean, diseinu-tresnak proiektu kultural eta artistikoetan, hau da, marka, branding-a eta ikus-identitatea. Gure proiektuei ematen diegun diseinuak eta irudiak gainerakoetatik bereizten eta kokatzen dituzte. Atal honetan diseinuaren oinarriak lantzen dira, koloreak eta tipografiak modu arrazoituan konbinatuz, proiektuak edo zerbitzuak sustatzeko irudi eta konposizio erakargarriak sortze aldera; bai euskarri inprimatuetan (esku-orriak, txartelak, kartelak), bai bitarteko digitaletan (webgunea, bloga, mailinga, sare sozialak).
//// KOMUNIKAZIO KULTURALA
Kultura-erakundeetan komunikazioa tresna estrategikoa da. Atal honetan, kultura- eta arte-arloetako komunikazioaren berezitasunak lantzen dira, kultura-edukiak ahalik eta ondoen komunikatzeko jardunbide egokiak aztertzen dira; bai eta kultura-produktuak eta -zerbitzuak merkaturatzeko tresnak eta estrategiak, komunikazio-plan baten diseinua eta komunikabideekiko harremana ere.
DATAK
2021eko martxoaren 15etik 18ra
15:00etatik 19:00etara
Partaide-kopurua: 10 lagun
NON
Tabakalera | Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroa
Andre zigarrogileen plaza, 1
20012 Donostia
HIZKUNTZA
Gaztelania
IZEN-EMATEADoakoa, lekuak bete arte
Lekuak agortuta. Itxaron-zerrenda zabalik
Izena emateko orria
EPEMUGA
Martxoaren 12 arte
+INFO
faktoria@bitamine.net | jaitsi informazioa
KOMUNITATEAREN PARTE-HARTZAILEAK




PROIEKTU GEHIAGO
Intx'Apain
Intx’Apain: hitzak hormetan, auzoa bizirik
Intx´Apain hiru egunez Intxaurrondoko auzoa sorkuntzarako eta topaketarako gune bihurtuko duen hiri-arte jaialdia da. Auzoko hamar bat horma artearen bidez eraldatuko dira, euskarak eta hitzek protagonismo berezia izango duten prozesu kolektibo batean. «Zein da zure hitza?» lelopean, jaialdiak hitzak abiapuntu hartzera gonbidatuko ditu artistak eta herritarrak, bakoitzak berea aukeratu, partekatu eta hormetan irudikatzeko. Hitzek, horrela, artea sortzeko aitzakia izateaz gain, elkar ezagutzeko, ideiak trukatzeko eta komunitatea indartzeko aukera ere eskainiko dute.
Musika, rapa, bertsolaritza, breakdancea eta tailerrak izango dira egitarauaren osagai nagusietako batzuk. Horiez gain, ikastolekin, auzoko elkarteekin eta hainbat eragilerekin elkarlanean antolatutako proposamen parte-hartzaileek osatuko dute jaialdia.
info +
Urumeako Atlas Emozionala - Erakusketa
Gorputza, memoria eta ibilgua
Atlas honek ez du ibai bat zeharkatzen: bertan murgiltzen da.
Erakusketak Urumea irakurtzea proposatzen du, bertan bizi izan direnen eta euren oroimenean
mantentzen diren keinuen bitartez. Uretan arropa garbitzeko bizkarra makurtu zuten gorputzak.
Arraunak erritmoan mugitu zituzten gorputzak. Hondarra kargatu, olioa botilaratu edo tabakoa bildu
zuten gorputzak. Erromerietan dantza egin zuten gorputzak, banderei eutsi zietenak, zubiak behin
eta berriro zeharkatu zituztenak, ohitura bihurtu arte.
Horrela, ibaia eraldatzen ari den organismo gisa agertzen da, baina baita beste batzuek bertan
utzitako arrastoek markatu zituzten leku gisa ere. Batzuek iraun egiten dute, beste batzuk desagertu
egin dira lanbideekin, lantegiekin, aisialdirako moduekin edo urekin erlazionatzeko moduekin batera.
Urumea gorputzetik zeharkatzea bada, baita ere, geure buruari galdetzea guzti horretatik zer
geratzen den eta hemendik aurrera ibaiarekin zer harreman eraiki nahi dugun.
Hiru urtetan zehar garatu den proiektu baten amaiera da. Herritarrei ahotsa eman genien ikerketa
batekin hasi zen. Inkesten, talde-elkarrizketen eta partaidetza-tailerren bidez, Donostia zeharkatzen
duen ibaiari buruz duten pertzepzioa jaso genuen donostiarrengandik: oroitzapenak, irudiak,
sentsazioak, datu historikoak, eta abar. Oroitzapen horietan oinarrituta, atlas idatzi bat eraiki
genuen: ibaiaren historiaz, hiriaz eta bi leku horietan pertsonak nola bizi diren kontatzen duten
hamar kontakizunez osatutako argitalpen bat. Orain, hamar kontakizun horiek hizkuntzaz aldatu eta
erakusketa-espaziora iristen dira: hitzak irudiari, soinuari eta mugimenduari bide ematen die, horiek
kontatzeko eta esperimentatzeko beste modu batzuetatik gertaera berberetara itzultzeko.
Helga Massetani Piemonte
Komisarioa: Helga Massetani Piemonte
Ondare-bildumen kudeaketa: María José Noain Maura
Testuak: Helga Massetani Piemonte eta María José Noain Maura
2026(e)ko urriaren 2(e)tik 2027(e)ko martxoaren 21(e)ra
Ordutegia Astelehenetik ostiralera: 9:30-18:00 Larunbata: 10:00-14:00 / 15:00-19:00 Igande eta jai-egunak: 10:00-14:00
Lekua Cristina Eneako Ingurumen Baliabideen Etxea (Donostia)
Mandasko Dukearen pasealekua, 66
Donostia / San Sebastián
Artearen ekosistemako kudeaketa emozionala: jardunbide kultural egokien dekalogo baterantz
Bitaminek ikerketa bat jarri du abian Gipuzkoako arte eta kultura ekosistema zeharkatzen duten baldintza emozional, laboral eta harremanezkoak aztertzeko.
Proiektuak galdera sinple baina beharrezko batetik abiatzen da: nola eragiten diete prekarietateak, ziurgabetasunak, deialdiek, ekoizpen-erritmoek eta sektorearen dinamikek hura sostengatzen duten pertsonen eguneroko bizitzari?
Galdetegi honen bidez esperientziak, pertzepzioak eta ezinegon egoerak jasotzea bilatzen dugu, baina baita zaintza-praktikak, erresistentzia estrategiak eta eraldaketarako aukerak identifikatzea ere. Azken helburua diagnostiko kolektibo bat eta jardunbide kultural egokien dekalogo bat osatzea da, sektore bidezkoago, jasangarriago eta zainduago baten alde egiteko.
Ikerketa Helga Massetani Piemontek (Bitamine) koordinatzen du, eta honako lankide hauen ekarpena du:
Mónica Crespo Doval
Soziologian lizentziatua, idazkari akademikoa eta UNED-Bergarako irakasle-tutorea.
Larraitz Nerea Zumeta Sánchez
Psikologian doktorea, ikertzailea eta UNED-Bergarako irakasle-tutorea.
Gipuzkoako arte eta kultura arloan jarduten baduzu, parte hartzera gonbidatzen zaitugu.
👉 Galdetegira sartu: https://form.typeform.com/to/YCZ5v80Y
Gutxi gorabeherako iraupena: 15-20 minutu.
Zure parte-hartzea anonimoa da eta kultura-sektoreko lan eta bizi baldintzei buruzko ezagutza kolektiboa sortzen lagunduko du.