
2023
Bidasoako Atlas Emozionala - ERAKUSKETA
2023.02.03 / 2023.06.04
OIASSO MUSEOA
"Ezin da ibai berean bi aldiz bainatu". Esaldi ezagun hori Heraklito filosofo grekoarena da antza, eta ezin hobea da Bidasoari buruz gogoeta egiteko. Antzinatik, muga bat da ibaia, eta horrek aukera eman dio gertaera historiko asko eta askotarikoak ikusteko, haren ibaiertzetan hizkuntzak entzuteko, ospakizun eta tragedia handiak jasotzeko, eta, ezinbestez, denboraren joanaren lekuko bihurtu da. Bidasoa ibaia da erakusketa honetako protagonista, eta bizia hartzen du, bertako biztanleen ahotsen bidez.
2019an, Irungo Udalaren Ribera beka jaso zuten Helga Massetani Piemontek (Bitamine Faktoriak) eta María José Noain Maurak (Los Viajes de Aspasiak), proiektu bat garatzeko, Une hartan “Bidasoaren kartografia emozionala” izena eman zioten. Aldez aurretik, lan bat egin zen kartografia artistikoaren historiari buruz, eta horren ondoren, ikerketa antropologiko bat egin zen. Ikerketa horretan, talde-inkestak eta -elkarrizketak eginez, Bidasoaren ertzetako biztanleek nolako pertzepzio emozionala duten jaso zen. Horrela, ibaiaren oroimenaren mapa kontzeptual eta artistiko bat egin zen.
2021ean jarraitu zuen proiektuak, eta beste dimentsio bat hartu eta "Bidasoako Atlas Emozionala" bihurtu zen. Orduan, Gipuzkoako Foru Aldundiak Olatuak dirulaguntza eman zuen, eta Irungo Udalak, berriz, sorkuntzarako laguntza, eta laguntza horiei esker, ikerketa hura artista-liburu bihurtu zen: hamar koaderno literario eta historiko argitaratu ziren, Elena Odriozolak ilustratuta. Herritarrek ikerketa-fasean gehien nabarmendu zituzten gaietako hamar aukeratu ziren, eta, orain, hamar modulu bihurtu dira, erakusketa hau osatzeko. Modulu bakoitzak alderdi bati buruz hitz egiten du, baina ez informatzeko soilik; izan ere, instalazio artistiko honen asmoa da oroitzapenak gogora ekartzea, emozioak piztu eta nahastea, eta joan ginena, garena eta izan nahi duguna ahanzturatik erreskatatzea. Norberak aukeratzen duen hurrenkeran ikus daitezke: garrantzitsuena da haietan barrena ibili behar dela, ibaiko urak bezala. Azken finean, filosofo greko hark berak esan zuen bezala, emanean da dena, deus ez da gelditzen.
KREDITUAK / CRÉDITOS
Komisariotza / Comisariado: Helga Massetani Piemonte, María José Noain Maura
Ilustrazioak / Ilustraciones: Elena Odriozola
Ekoizpena / Producción: Ander Garmendia
Eskerrak / Agradecimientos
Gipuzkoako Foru Aldundia / Diputación Foral de Gipuzkoa
Gordailua. Gipuzkoako Ondare Bildumen Zentroa / Centro de Colecciones Patrimoniales de Gipuzkoa.
Hondarribiko Udala / Ayuntamiento de Hondarribia
Irungo Udal Artxiboa / Archivo Municipal de Irun
Kutxa Fundazioa
San Telmo Museoa
Irungo Memoria Historikoaren Bulegoa /Oficina Memoria Histórica de Irun
José Luis Noain Cendoya
Kutxateka
"Nicolás Guerendiain" Irungo Errepublikarrak / Asociación Republicana Irunesa “Nicolás Guerendiain”
Eta ikerketa-fasean parte hartu zuten guztiei. / A todas las personas que participaron en la fase de investigación.
Galeria
KOMUNITATEAREN PARTE-HARTZAILEAK








PROIEKTU GEHIAGO
Intx'Apain
Intx’Apain: hitzak hormetan, auzoa bizirik
Intx´Apain hiru egunez Intxaurrondoko auzoa sorkuntzarako eta topaketarako gune bihurtuko duen hiri-arte jaialdia da. Auzoko hamar bat horma artearen bidez eraldatuko dira, euskarak eta hitzek protagonismo berezia izango duten prozesu kolektibo batean. «Zein da zure hitza?» lelopean, jaialdiak hitzak abiapuntu hartzera gonbidatuko ditu artistak eta herritarrak, bakoitzak berea aukeratu, partekatu eta hormetan irudikatzeko. Hitzek, horrela, artea sortzeko aitzakia izateaz gain, elkar ezagutzeko, ideiak trukatzeko eta komunitatea indartzeko aukera ere eskainiko dute.
Musika, rapa, bertsolaritza, breakdancea eta tailerrak izango dira egitarauaren osagai nagusietako batzuk. Horiez gain, ikastolekin, auzoko elkarteekin eta hainbat eragilerekin elkarlanean antolatutako proposamen parte-hartzaileek osatuko dute jaialdia.
info +
Urumeako Atlas Emozionala - Erakusketa
Gorputza, memoria eta ibilgua
Atlas honek ez du ibai bat zeharkatzen: bertan murgiltzen da.
Erakusketak Urumea irakurtzea proposatzen du, bertan bizi izan direnen eta euren oroimenean
mantentzen diren keinuen bitartez. Uretan arropa garbitzeko bizkarra makurtu zuten gorputzak.
Arraunak erritmoan mugitu zituzten gorputzak. Hondarra kargatu, olioa botilaratu edo tabakoa bildu
zuten gorputzak. Erromerietan dantza egin zuten gorputzak, banderei eutsi zietenak, zubiak behin
eta berriro zeharkatu zituztenak, ohitura bihurtu arte.
Horrela, ibaia eraldatzen ari den organismo gisa agertzen da, baina baita beste batzuek bertan
utzitako arrastoek markatu zituzten leku gisa ere. Batzuek iraun egiten dute, beste batzuk desagertu
egin dira lanbideekin, lantegiekin, aisialdirako moduekin edo urekin erlazionatzeko moduekin batera.
Urumea gorputzetik zeharkatzea bada, baita ere, geure buruari galdetzea guzti horretatik zer
geratzen den eta hemendik aurrera ibaiarekin zer harreman eraiki nahi dugun.
Hiru urtetan zehar garatu den proiektu baten amaiera da. Herritarrei ahotsa eman genien ikerketa
batekin hasi zen. Inkesten, talde-elkarrizketen eta partaidetza-tailerren bidez, Donostia zeharkatzen
duen ibaiari buruz duten pertzepzioa jaso genuen donostiarrengandik: oroitzapenak, irudiak,
sentsazioak, datu historikoak, eta abar. Oroitzapen horietan oinarrituta, atlas idatzi bat eraiki
genuen: ibaiaren historiaz, hiriaz eta bi leku horietan pertsonak nola bizi diren kontatzen duten
hamar kontakizunez osatutako argitalpen bat. Orain, hamar kontakizun horiek hizkuntzaz aldatu eta
erakusketa-espaziora iristen dira: hitzak irudiari, soinuari eta mugimenduari bide ematen die, horiek
kontatzeko eta esperimentatzeko beste modu batzuetatik gertaera berberetara itzultzeko.
Helga Massetani Piemonte
Komisarioa: Helga Massetani Piemonte
Ondare-bildumen kudeaketa: María José Noain Maura
Testuak: Helga Massetani Piemonte eta María José Noain Maura
2026(e)ko urriaren 2(e)tik 2027(e)ko martxoaren 21(e)ra
Ordutegia Astelehenetik ostiralera: 9:30-18:00 Larunbata: 10:00-14:00 / 15:00-19:00 Igande eta jai-egunak: 10:00-14:00
Lekua Cristina Eneako Ingurumen Baliabideen Etxea (Donostia)
Mandasko Dukearen pasealekua, 66
Donostia / San Sebastián
Artearen ekosistemako kudeaketa emozionala: jardunbide kultural egokien dekalogo baterantz
Bitaminek ikerketa bat jarri du abian Gipuzkoako arte eta kultura ekosistema zeharkatzen duten baldintza emozional, laboral eta harremanezkoak aztertzeko.
Proiektuak galdera sinple baina beharrezko batetik abiatzen da: nola eragiten diete prekarietateak, ziurgabetasunak, deialdiek, ekoizpen-erritmoek eta sektorearen dinamikek hura sostengatzen duten pertsonen eguneroko bizitzari?
Galdetegi honen bidez esperientziak, pertzepzioak eta ezinegon egoerak jasotzea bilatzen dugu, baina baita zaintza-praktikak, erresistentzia estrategiak eta eraldaketarako aukerak identifikatzea ere. Azken helburua diagnostiko kolektibo bat eta jardunbide kultural egokien dekalogo bat osatzea da, sektore bidezkoago, jasangarriago eta zainduago baten alde egiteko.
Ikerketa Helga Massetani Piemontek (Bitamine) koordinatzen du, eta honako lankide hauen ekarpena du:
Mónica Crespo Doval
Soziologian lizentziatua, idazkari akademikoa eta UNED-Bergarako irakasle-tutorea.
Larraitz Nerea Zumeta Sánchez
Psikologian doktorea, ikertzailea eta UNED-Bergarako irakasle-tutorea.
Gipuzkoako arte eta kultura arloan jarduten baduzu, parte hartzera gonbidatzen zaitugu.
👉 Galdetegira sartu: https://form.typeform.com/to/YCZ5v80Y
Gutxi gorabeherako iraupena: 15-20 minutu.
Zure parte-hartzea anonimoa da eta kultura-sektoreko lan eta bizi baldintzei buruzko ezagutza kolektiboa sortzen lagunduko du.




